Sarrera
Mendeak pasa ahala, Maeztuko paisaia kulturala nabari aldatu egin da. Martin Gil Lizentziatuak 1566. urtean egindako bisita pastoralean aipatzen dituen sei ermitak antzinako biztanle guneen aztarna gisa mantendu omen ziren. Izan ere, XVI. mendetik aurrera, Gaonatarren leinuak Maeztu inguruko hainbat herrixka eskuratu zituen eta bertako biztanleak hiribildura joan ziren. Halere, tenpluarekiko lotura estuagatik, Zelaiko Andre Mariaren baseliza (originali Santa Eufemia) bezalako tenpluak kontserbatu ziren. 1771. urtean, Zelaiko Andre Mariaren baseliza nahiko hondatuta zegoenez, Ama Birjinaren tailua eta erretaula nagusia Santa Eufemia ermitara eraman ziren. Ondoren, tenpluari izena aldatu zioten eta Santa Eufemia Zelaiko Andre Mariaren baseliza deitzera pasa zen. Beste eraikuntza galdu bazen ere, Maeztu hiribilduko biztanleen ahaleginei esker beste tenplua kontserbatu egin da.
Bideoa
360º irudiak
Alexandro Handia Maeztun?
Barrualdeko ikonografia harrigarriak hainbat teoria sustatu ditu. Adibidez, garaipen arkuko kapiteletan aurrez aurre dauden animali fantastikoak agertzen dira eta, haien artean, jantzi talar arraroa daraman pertsonaia dago. Aldamenean bi munstro dituen pertsonaiaren konposizioak Alexandro Handia zerua zeharkatzen duen ikonografiarekin zerikusia izan dezake. Izan ere, Erdi Aroan oso famatuak egin ziren elezahar batzuen arabera, Alexandro Handiak munduaren mugara iritsi zenean haratago joan nahi zuen. Horretarako, honako plana bururatu zitzaion: bi hegazti sarraskijale harrapatu, saski bat egin eta uztarria erabilita, saskian igo zen. Aurrean endaitz handi bat jarri zuen janariarekin hegazti gosetiek hegan egiteko. Horrela, elezaharrak dioenez, Alexandro Handiak zerua zeharkatu zuen. Erdi Aroan, keinu ausart honi gobernari orok izan behar zituen ezaugarriekin lotzen zen. Baina beste askorentzat, ordea, elezaharrean Alexandro Handiaren harrokeria agerian geratu zen. Dena dela, oso zaila da jakitea Alexandro Handiaren ikonografia den, piztien artean irudikatzen diren pertsonaiak hainbat esanahi izan ditzakete eta. Hala eta guztiz ere, noizbehinka, ikonografiak sinplifikatzen dira, jatorrizko ereduetatik urrunduz eta adierazpen sinpleagoak sortuz, baina haien jatorrizko esanahia alde batera utzi gabe.
Gerardo López de Guereñu argazkilariak baseliza honen garrantziaz konturatu zen, eta bere kapitelei, portadari eta barrualdeari hainbat argazki atera zizkien. 1981. urtean eraikina zaharberritzen ari zela Zelaiko Andre Mariaren baseliza zaharreko erretaula nagusia betirako desmuntatu zen. XVIII. mende hasierako erretaula erdian Ama Birjinaren tailua zegoen, eta goiko aldea kalitate handiko San Jose batek koroatzen zuen. Gainerako argazkiek barrualde kareztatua eta azken zaharberritze prozesuen aurreko itxura orokorra erakusten dizkigute.
Baseliza
Dakigunez, tenpluaren izena aldatu eta Zelaiko Ama Birjinaren ermita zaharra eraitsi ondoren, material ugari Santa Eufemiara eraman ziren. Haien izaera zehazten ez denez, ezin da ziurtatu lehen aipatutako harburuak, leihateak edota beste motatako elementuak beti bertan egon diren ala ez. Agian antzinako ermitatik ekarri baitziren erretaula eta Ama Birjinaren tailuarekin batera.
Kanpoaldea
Ermitak bolumen xumeak ditu, burualde laua eta txikia duen habearte bakar batez osatuta baitago. Burualdearen hego eta ekialdeko hormetan bi leihate erromaniko interesgarri aurki ditzakegu. Ekialdekoena landarez apaindutako kapitelen gainean dauden bi arkiboltez eta apaindu gabeko arku sinple batez osatuta dago. Bere barruko partea 80. hamarkadako zaharberritze lanetan aurkitu zen. Hegoaldeko leihoa nahiko hondatuta dago eta bere kapitelen forma begetalak ia ez dira desberdintzen.
Presbiterioan, kanoi ganga zorrotz samarra dago, habe nagusian zorrotzagoa bihurtzen dena. Barruan dagoen egurrezko koro xumea eraikuntza modernoa da.
KOKAPENA
Argazki kredituak:
Gaur egungo argazkiak: © Ondare Irekia | Patrimonio Abierto
Argazki zaharrak: Arabako Lurralde Historikoaren Agiritegia.