San Prudentzio eta San Andresen basilika (Armentia)

Sarrera

Gasteizko kanpoaldean, Armentiako San Prudentzio eta San Andresen basilika dago, Arabako patroiaren gurtzarako egoitza. XII. mendean kolegiata gisa eraikia, Gasteiz hiribilduaren handitzeak bere gainbehera eragin zuen. Horrela, XVIII. mendean Armentiak bere hondoa jo zuen, klaustroa eta bestelako aretoak galdu ondoren. 1776. urtean, seguruenik oinaldearen erortze partzialagatik, zaharberritze-lanekin hasi ziren. Ondorioz, bere itxura betirako aldatu zen. Tenpluko arrasto erromaniko batzuk sakabanatu ziren, eta bestea asko portikoan jarri zituzten, inolako testuingururik gabe. Nahiz eta aldaketa gehienak zoritxarrekoak izan, oraindik ere Armentiako basilika euskal erromanikoko tenplu garrantzitsuenen artean dago.

Bideoa

360º irudiak

Arabako gotzaindegi zaharra

Pentsaezina badirudi ere, Erdi Aroan zehar Armentian katedral bat zegoen. Tamalez, garai horretako aztarnarik ez dugu kontserbatu. Halere, dokumentu historikoek diotenez, Arabako gotzaindegi zaharraren egoitza hor zegoen. Gotzaindegi horren lehen aipamena 876. urteko dokumentu batean aurki daiteke. Antza denez, mende horren amaieran, gotzaindegia Iruña-Veleiako hiri erromatarrean zegoen. Hala ere, Armentia gotzain-egoitza bezala azaltzen da Vela apezpikuaren garaiko dokumentuetan, hau da, 1055 eta 1062. urteen arteko agirietan. Hortik aurrera, katedral gisa funtzionatu omen zuen. Baina 1087. urtean, Fortunio apezpikua hil ondoren, Araba Calahorrako elizbarruti berriaren menpe geratu zen. Bitxia bada ere, egungo eliza XII. mendean eraiki zen, Armentia kolegiatan bihurtu zen mendean. Horregatik, ez da kontserbatu gotzaindegi zaharreko aztarna bakar bat ere.

Antzinako argazkiak

Egun ikus daitekeen tenplu erromanikoa sakonki zaharberritu zen 1776. urtean. Oro har, XX. mendean zehar egindako zaharberritze batzuez gain, eraikinak oso aldaketa gutxi izan ditu. Argazki zaharrenak kontsultatuz gero, gurutzadurako ganga barrokoak ikusiko ditugu, Tetramorfoko eskulturak argitara ateratzeko kendu zirenak. Gauza bera gertatzen da absideko behealdea ezkutatzen zuen erretaula zaharrarekin. Bestalde, jatorrizko sagrario gotikoa bere leku originalean agertzen da. Egun, ordea, iparraldeko gurutzaduran kokatuta dago, absideko leiho batean. Kanpoaldean, argazki batzuk abside inguruan egondako hilerri zahar baten berri ematen digute, XX. mendean eraitsi zena.

 

Basilika

Absidea

XII. mendean zehar, Armentiako eliza eraiki zen hainbat fasetan. Zatirik zaharrena eta eraikitako lehena zirkuluerdiko absidea izan zen, ikonografikoki oso bereziak diren hiru leihate dituena.

Leihateak

Absideko leihateen kapiteletako irudiak interpretatzeko zailtasun ugari egon dira. Izan ere, pertsonaia batzuk itxura groteskoan eginda daude, lehoi, zaldi eta grifoekin batera. Azpimarratzekoak dira iparraldeko leihoan dauden emankortasunaren kapitelak. Ezkerraldeko kapitelaren beheko aldean ipurdia eta sexua erakusten ari den emakume biluzi bat dago, eta goian bere aurpegia eta gorputz-enborra ikusten dira. Ondoan, buru eta hanka batzuk gehitu zaizkien genital femenino batzuk aurki daitezke. Gainontzeko azalean, errepresentazio sexual horiek gero eta modu eskematikoagoan irudikatzen dira. Bestalde, pareko kapitelean bi emakume eta bizarra heltzen ari den gizon bat agertzen dira. Horietako emakume bat haurdunaldi oso aurreratuan dago eta, bestea, bere sabelaldea heltzen ari da. Pertsonaia guztiek beren eskuetan landare adar batzuk dituzte, emankortasunaren sinbolo.

Barruko kapiteletan, ordea, ikonografia ezagunagoa irudikatzen da: arkulariak, arranoak, hegaztiak, lehoiak, gerlariak eta, beharbada, Daniel lehoien artean errepresentatzen duen kapitela. Mende askotan zehar erretaula batek kapitel guztiak estali zituen, baina urteak pasa ahala, kendu zuten. Egun, erretaula horretan Mendekostea errepresentatzen zuen eszena nabearen murruan mantendu egin da. 

Portikoa

Adituen iritziz, portiko osoan aurkitu ahal diren testuingururik gabeko irudiak ez dira absidean lan egin zuen lantegiarenak, beste batenak baizik. Arkumearen tinpanoan mantentzen den inskripzioari esker, XII. mendeko irudikapenak direla jakin daiteke. Izan ere, “Rodericus Eps” izeneko baten egiletza agertzen da, hots, Calahorrako apezpikua izandako Rodrigo de Cascantearen sinadura. Zehazki, artelana 1146 eta 1190. urteen artean kokatu egin da. Originali, arkumearen tinpanoa gaur egun galduta dagoen ate baten gainaldean kokatuta egon beharko liteke. Zirkulu batean Agnus dei-aren edo Jainkoaren arkumearen irudia agertzen da, eta alboetan Isaias eta San Joan Bataiatzailea irudikatu dira. Behean, krismoi bat sostengatzen duten bi aingeru ditugu, modu sinbolikoan hirutasuna errepresentatzen ari direnak. Tinpanoaren azpian, elizgizon baten hilobia dago, harrizko barrote batzuen atzean.

Hau ez da portikoan dagoen tinpano bakarra. Ondoan, tamaina handiagoa duen beste tinpano bat aurki daiteke. Oso interesgarria da, elizara sartzeko balizko ate baten berri ematen digu-eta. Bertan Kristo hamaika apostoluekin batera ageri da. Bere irudia izarrartearen zati da bi aingerurekin batera. Azkenik, Itun Zaharreko bi pertsonaia ditugu, Elias eta Enoc, zerura igo zirenak.

Portikoaren amaieran eta paretari atxikitua, bi erliebe handi kontserbatzen dira. Eskuinaldean, hiru eszena topatuko ditugu. Lehenengo eszenan, Josef Arimateakoa eta Nikodemo agertzen dira Kristoren gorpuaren gainean. Nahiko hondatuak badaude ere, hileta santuaren aurrean gaudela argi dago. Ondoan, hiru Mariak Kristoren hilobira egiten duten bisita dago. Hilobia hutsik dagoela konturatzen direnean, aingeru batek Kristo berpiztu egin dela esaten die. Egoera txarrean egon arren, ezkerreko goiko izkinan, Kristoren arima oihal batekin zerura eramaten ari diren bi aingeru desberdintzen dira.

Beste erliebean Anastasis-a irudikatzen da. Hau da, Kristoren jaitsiera infernuetara lehen bekatariak salbatzeko. Eszenaren protagonistak, Adam eta Eva, Kristoren atzean agertzen dira, eta infernuko hainbat izaki eta munstro haien atzean geratzen dira. Bestalde, infernuko ateak ikus daitezke ere bai, Leviatanaren ahutzekin irudikatuta.

Testuinguru gabeko elementu mota gehiago daude: portiko erromaniko baten zati ziren arku eta zutabe-eskultura batzuk, Isaaken sakrifizioa irudikatzen duen zutabea, inprobisatutako portada osatzen duten jatorrizko arkiboltetako piezak eta erlaitzak, Deikundea errepresentatzen duen erliebea edota Konstantino enperadore erromatarra bezalako zaldun baten errepresentazioa.

Hagaburuak

Dudarik gabe, Armentiak Araba osoko erromanikoan aurkitu ahal diren hagaburu bildumarik hoberena dauka. Zaharberritzetan lekuz aldatu zirenez, haien jatorrizko kokapena ezezaguna da. Hagaburuetako irudietan alegiazko imajinarioa gailentzen da: sirenak, grifoak, harpiak, izaki hibridoak, hostoak ahotik jaurtitzen ari diren gizon adardunak… Hala ere, eguneroko pertsonaia eta animaliak ere ikusi ahal dira, esaterako, monjeak, emakumeak eta gizonak, espinario delako bat, hau da, hankatik arantza kentzen ari den mutil baten irudia, hontzak, lehoiak, ahuntzak edota Erdi Aroko eraikuntza batetik ateratzen ari den gizona.

Barrualdea

Barruan, XVIII. mendean egindako aldaketa sakonak argi ikusten dira. Lan horien ondorioen artean, harlangaitz-horman egindako nabeetako murru edo ertz gangak nabarmenak dira. Bestalde, gurutzaduratik aurrerago dagoen egituran modu trebean landutako harlantzak ditugu, Erdi Aroko lantegi bati dagozkionak. Dakigunez, zinborrio aldean dagoen ganga XX. mendean berreraiki zen. Bertan hauteman daitezke gurutze latindarreko oinplanoa osatzen duten bi gurutzadurak edo abside erdizirkularra, eta labe gangak. Gurutzadurako iparraldeko besoan, oraindik ere ate batzuk ikusi ahal dira, eta 1776. urtean suntsitutako koroaren eta klaustro atxikituaren sarbide originala ere bai.

Koroaldeko zutabeak

Jatorrizko koroa sostengatzen zuten zutabeetatik bakarrik bi kapitel kontserbatzen dira. Egun, elizaren oinaldean kokatuta daude, eta piztiak errepresentatzen dituzte. Kapiteletan bi tamainako munstroak agertzen dira, handienak astakumeak jaten. Bestalde, tamaina txikiagoa duten munstroak, erdian kokatuta daude, eta horietako bat hankak ikusten zaizkion gizaki bat irensten ari da.

Barruko kapitelak

Tenpluko gurutzaduran kalitate handiko kapitel batzuk ditugu, landareekin, grifoekin edo arranoekin dekoratuta daudenak. Kapitelen artean, deigarriena zentauro eta zaldun batzuen arteko borroka irudikatzen duen eszena konplexua da, orbelez eta landaredi oparoz betea.

Tetramorfoa

XVIII. mendeko zaharberritzearen ondorioz, gurutzaduran kokatzen zen ganga faltsuaren atzean kalitate handiko lau eskultura estali ziren. 1870. urtean, Armentiako parrokoak gangen gainean irudi batzuk zeudela ohartarazi zuen. Ondoren, 1904 eta 1908. urteen bitartean, zinborrioan zenbait aldaketa egin ostean, eskulturak agerian utzi ziren. Lau eskultura hauek ebanjelisten edo Tetramorfoaren errepresentazioak dira, bakoitzaren ikurrekin batera: Lukas (zezena), Juan (arranoa), Markos (lehoia) eta Mateo (aingerua). Haien gainean, lau aingeru tronpetalarik Itun Berria iragartzen dute munduko lau puntu kardinaletara. Behean, mentsula gisa, lau gizonezkoen errepresentazioak ditugu.

Bataiarria

Armentiako bataiarria bere sendotasun eta soiltasunarengatik nabarmentzen da. Kopa karratua da, Araban gutxitan ikusten dugun tipologia mota. Izkinen dekorazioa ferraketan inspiratuta dago eta arkuteria itxurarekin koparen ertzean eta harroinetan. Behealdean, erlaitz baten arrastoak hautematen dira, portikoan lan egin zuten tailerraren bezalakoak. Bertan, roleoak ez ezik, hegaztiak, harpiak eta herensugeak ere irudikatu ziren.

KOKAPENA

Argazki kredituak:

Gaur egungo argazkiak: © Álava Medieval / Erdi Aroko Araba

Argazki zaharrak: Gasteizko Udal Artxiboa / Armentiako barrualdea: Manuel Díaz de Arcaya, Armentia, su basílica y su obispado, 1901.

Share This