San Juan baseliza (Markinez)

Sarrera

Markinez herriak bere iraganaren hainbat pasarte biltzen ditu. Naturak zizelkaturiko leku zoragarrian kokatuta badago ere, gizakion joan-etorriak nabariak dira ere bai. Izan ere, jauregi blasoidunak eta orain dela milaka urte egindako kobazulo artifizialak baieztatzen diguten bezalaxe, kokalekua oso interesgarria izan da betidanik. Halere, Markinezko historia dokumentala Donemiliagako goldearekin (1025) hasten da. Bitxia bada ere, bertan bi herrixka agertzen dira: Marquina de Suso (Goikoa) eta Marquina de Yuso (Behekoa). Bi mende ondoren, 1256. urtean, Maquiniç batez hitz egiten da. Antza denez, biztanleria egungo kokapenean berehala elkartu egin zen. Mende batzuetan zehar, Markinez Salinas kondeen menpean egon bazen ere, 1557. urtean Diego de Álava y Esquivelek bereganatu zuen. Arabako pertsonaia famatu honek Astorga, Avila eta Cordobako sedeen gotzain karguaz gozatu zuen, eta Calatrava Ordenaren zalduna izan zen. Hain garrantzitsua izan zen, non Gasteizko San Pedro elizan lurperatu zutela. Azkenean, 1757. urtean, Markinez hiribildua Álava y Esquivel leinuaren jaurerriaz independizatu eta erregetzaren baitan geratu zen, udalbatzako errege-armetan adierazten den moduan.

Bideoa

360º irudiak

Gazteluaren Haitza

San Juan baseliza ondoan, Gazteluaren Haitza dugu. Gizakiak landutako arroka multzo bitxia Erdi Aroan zehar funtzio defentsiboa izan zuela pentsatzen da. Izan ere, ikerketa arkeologikoek baieztatu duten arabera, Haitza X. mendeko bigarren erditik XV. mendera arte erabili zen. Kuriositate gisa, azken urteotan gauzatutako indusketa arkeologikoetan, Alfontso I.a Borrokalariaren (Aragoi eta Nafarroako erregea 1104 eta 1134 urteen bitartean) moneta aurkitu zen. Beheko aldean, ura biltzeko patina eta harrian zulatutako geletan zulotxoak eta metxinalak bereizten dira, hortaz zurezko estalkia egongo liteke. Goiko aldean, hiru estruktura desberdintzen dira: ataria, gela errektangularra eta dorrea. Adituentzat, Gazteluaren Haitzak zurezko eraikuntza handiak izango lituzke, urkamendien modukoak, baina gaur egun ez dira kontserbatzen.

Antzinako argazkiak

San Juan baselizaren garrantzi artistikoak Arabako erromanikoaren aitzindarien interesa erakarri zuen. XX. mende hasierako artikulu batean, Federico Baraibarrek Lorenzo Elorzak egindako argazki batzuk argitaratu zituen. Seguruenik, bertan agertzen diren argazkiak baselizako argazki zaharrenak dira. Hamarkada batzuk ondoren, Gerardo López de Guereñuk tenplua fotografiatu zuen berriro, eta bere lanari esker badakigu San Juan baselizaren kanpoaldearen eta barrualdearen itxura. Adibidez, hormak kareztadurarekin apainduta zeuden, eta burualdeak pintura murala modernoa eta erretaula xumea zituen. Pintura muralari dagokionez, seguru aski margo zaharragoak ezkutatzen zituen, beste eliza askotan gertatzen den moduan.

Baseliza

Kanpoaldea

Nabe bakarreko eta burualde erdizirkularreko eraikin hau oso ondo kontserbatu egin da. Iparraldeko eta hegoaldeko murruak izan ezik, beste guztia bere itxura originala dauka. Bitxikeri gisa, portada ondoan baselizaren konsagrazio data duen inskripzioa dago. XX. mendean, Federico Baraibarrek testua transkribatu eta itzuli zuen:

Tenpluaren eraikuntza 1226. urteko abenduaren kalenden 9. egunean egin zen, Juan Pérez Calahorrako gotzaina eta Fernando Gaztelako errege izanda, M(artín) Armentian artxidiakono, Fortunio de Marquíniz Treoiñon artzipreste eta García de Pangua Armentiako maisu karguetan egonda. Inskripzio hau ikusten dutenek erregu egin dezatela bereziki Gotzainaren arimagatik eta tenplu honetako ongile guztiengatik.

Adituen ustez, inskripzioa Juan Pérezek (Calahorrako gotzaina) egindako konsagrazioarekin lotu genezake. Eraikuntzaren hasiera data adierazten ez bada ere, seguruenik baseliza 1226. urtea baino askoz aurrekoa da.

Tenpluaren kanpoaldeak bikain adierazten dizkigu bere bolumenak. Burualde erdizirkularrak presbiterio zertxobait zabalago batekin lotzen da, eta kontrahorma moduan egindako zutabe baten bidez sostengatzen da. Esparrua hiru arkiboltez eta arkugain batez osatutako leihate handi batekin argitzen da. Kapitelak, bigarren arkibolta bezalaxe, zizelkaturiko akanto hostoekin dekoratuta daude. Arkugaina, ordea, besanteez beteta dago. Nabearen lehen zatia argitzen duen leihoak nahiko antzekoa da, baina bere hiru arkiboltak baketoidunak dira.

Ondoren, garaipen arku modura primeran egindako portada aurkituko dugu. Portadako leihateak eta beste dekorazio-detaileak tailer bakar batek egin omen zituen. Horrela, Arabako erromanikoaren kasu gehienetan ez bezala, dekorazio elementu guztien batasuna lortu zen.

Bestalde, zazpi arkibolta desberdinak hainbat tamainako kapiteletan oinarritzen dira. Arraroa badirudi ere, dena aurrez pentsatuta dago eta eraikuntza planifikazio eder baten emaitza da. Arkibolta baketoidunak (txikiagoak) akanto hostoak zein ezkatadun itxurako obaloak dituen katea errepresentatzen dituztenekin nahasten dira. Arkibolten motiboak zein kapitelen aurpegiak ikusita, San Juan baselizan eta Estibalizko Santutegiaren hegoaldeko portadan lan egindako tailerren estiloa parekoa da.

Horrez gain, mendebaldeko hormapikoan dagoen leiho bikia oso interesgarria da. Izan ere, kanpoko beste elementuak ez bezala, beranduago egindako beste tailer baten obra dugu. Kapitelak luzeak dira eta bertako aurpegiak eta landareak soiltasunez zizelkatuta daude. Hegoaldeko murruan lan egin zuten tailerren obraren birtuosismoarekin, ordea, ez du zerikusirik.
Barrualdea

San Juan baselizaren barrualdea, berriz, oso xumea da. Tenpluaren nabea hiru tarteetan zatitzen da bi parpain-arku erabilita. Bestalde, bere presbiterioa estuagoa eta baxuagoa da, eta absidearekin bukatzen da. Pareten biluztasunak eraikinak jasandako arazoez edota bere eraikuntza faseei buruzko informazioa ematen digu. Adibidez, iparraldeko murruak eta labeko ganga zorrotzak beranduago egindako obrak dirudite. Nahiko zaila da jakitea lur-mugimenduek eragindako lur-jausi baten ondorioa den edota, besterik gabe, hain trebea ez zen tailer batek beranduago egindako obra den.

Kanpoko leihateekin konparatuz gero, barrukoen kapitelak eta arkiboltak ez dira hain ikusgarriak eta oso dekorazio gutxi dute. Horren arrazoia pintura muralaren akaberarekin erlazionatuta egon liteke, baina zoritxarrez gaur egun guztiz galduta dago.
Presbiterioaren alde bakoitzean eta burualdeko inposta xakeztatuaren behe-behean, bi kredentzia daude. Askotan gertatzen den bezala, kredentziak kapitel bakar bati eusten zaion arku bikoitz batez osatuta daude. Kasu honetan, kapitelak boluta osatzen duten hostoekin dekoratuta daude.

KOKAPENA

Argazki kredituak:

Gaur egungo argazkiak: © Ondare Irekia | Patrimonio Abierto

Argazki zaharrak: Arabako Lurralde Historikoaren Agiritegia.

Suscríbete a nuestra newsletter

Súmate a nuestro boletín de correo para estar al día de todas nuestras novedades.

¡Te has suscrito correctamente!

Share This