Sarrera
Durana herrixkari buruz ditugun lehen albisteak “Donemiliagako goldean” (1025) aurkitzen dira. Hala ere, jatorrizko elizatik ez da hondarrik kontserbatu. Gaur egun ikusten dugun tenplua, XII. mende amaierako eraikin bikaina da, eta historian zehar berrikuntza garrantzitsuak eta kalitate handiko gehikuntzak izan ditu. Durana Gasteiztik 5 km eskasetara dago, eta Gorbeialdeko koadrilaren parte da. Betidanik, bere kokapen estrategikoaz gozatu du. Izan ere, Gasteizko hiribildutik Kantauri itsasorantz joaten ziren bideak hartzeko herria nahitaez igaro behar zen. Kokaleku estrategikoa zenez, Duranak Gaztelako Komunitateen Gerra eta Independentzia Gerra pairatu zituen.
Bideoa
360º irudiak
Antzinako argazkiak
Kontsultatutako argazki-bildumetan (Gerardo López de Guereñuren eta Federico Baraibar & Lorenzo Elorzaren bildumak), portadari buruzko irudiak baino ez ditugu aurkitu. Portada tenpluko harribitxia da, aldaketa oso gutxi jasan ditu-eta. 1998. urtean, zenbait aldaketa egin ziren eraikinean eta, batez ere, pintura-lanak aurrera eraman ziren. Lanak egiten ari zirela, lehen aipaturiko aztarna erromanikoak agertu ziren. Antza denez, presbiterioko leihatea eta parpain-arkuen gaineko moldurak ezkutatuta egon ziren 1737. urteko sakristia eraiki eta gero eta 1833. urteko maestreoa egin ostean.
“Alanbrezko hegalen maisuaren” giltzarriak
XV. mendearen amaiera eta XVI. mendearen hasiera bitartean, elizako burualdea eta presbiterioa eraiki ziren, interes handiko bi giltzarri dituzten ganga ederrekin ixten direnak. Giltzarriek Arbuluko San Martin elizan lan egindako “Alanbrezko hegoen maisua” deituriko tailerrarekin lotura estua dute, nahiz eta kalitatea baxuagoa izan. Burualdeko giltzarriak Graziazko Tronua irudikatzen du: Aita koroatua Seme gurutziltzatuari eusten ari da eta, erdian, usoak Espiritu Santuaren ordezkatzen du. Presbiterioko giltzarrian, Done Ezteberen irudia daukagu. Ezkerreko eskuan harri bat eusten du, bere martirioaren sinbolo gisa, eta eskuinean liburua darama. Giltzarriak berriz pintatu zirenean, haien kalitatea gutxitu egin zen. Hala eta guztiz ere, giltzarrien eskultura-kalitatea bikaina da.
Eliza
Kanpoaldea
Done Eztebe Lehen Martiriaren parrokia-eliza muino txiki baten gainean kokatzen da. Kanpotik, eraikinak izandako eraikuntza-faseak desberdindu ditzakegu. Iparraldean, eraikuntza erromanikoaren jatorrizko altuera mugatzen duen hagaburuen lerroa ikus daiteke. Eraikinaren hegoaldea, aldiz, XVIII. mendean eraikitako dorrea, elizpea eta sakristia bezalako eraikuntzek partzialki ezkutatzen dute.
Burualdeko kontrahormen bidez, nabea eraiki ondoren egindako obra baten aurrean gaudela jakin daiteke. Adituen iritziz, presbiterioaren eremua handitzeko asmoz egindako gehigarria da. Horretarako, sektorearen jatorrizko zabalera aprobetxatu zen, aurrerago aipatuko ditugun leihate erromanikoetako bat hormatuz, eta burualde zuzen berri bat sortu zen, garaiko modak jarraituz. Burualdeko alboetan eraikinak egon arren, ekialdeko leihatearen zati batean trazeria gotikoa hauteman daiteke.
Portada
Baina, zalantzarik gabe, elizaren kanpoaldeko gauzarik nabarmenena bere portada da. Arabako erromanikoaren lanik onenetariko bat da, eta eskualde honetan tenpluaren eraikuntzan parte hartu zuten tailerren perfekzio-maila hautematen da. Kronologia aurreratu batean koka daiteke, XII. mendetik XIII. mendera arte, Lautadako erromanikoaren motibo asko kondentsatzen baititu. Bestalde, Duranako tailerrak lotura handia zeukan Otazuko portadak edota Argandoñako ekialdeko leihateak egin zituenarekin.
Portada garaipen arku bat bezala ulertzen da. Oreitiako portadaren moduan eginda dagoen arren, Duranan eskultura-dekorazioak ezohiko kalitatea du. Obra zabal hau bost arkiboltez osatuta dago, hosto bertikalekin apaindutako arkugain batekin bukatzen direnak. Beharbada, laugarren arkibolta multzoko bereizgarriena da, baketoi luze batez osatuta baitago eta erdi-puntuko arku batekin bukatzen baita.
Arkibolten gaineko kapitelak Duranako errepertorio-ikonografiko eta apaingarriaren aberastasunaren erakusgarri dira. Jarraian, kapitelen xehetasunak eta interpretazioak aurkeztuko ditugu.
Ezkerraldea:
- Bolutekin errematatutako sei petaloetako bi lore, landare-formekin bukatzen direnak.
- Dama baten aurpegia, burukoa eta kokospeko uhala daramatza. Agian komitentearen irudikapena da.
- Noble baten aurpegia, bonete erraz batekin apainduta.
- Erretikula geometrikoa eta sei puntako izarra, bolutetan bilakatzen diren landare-formekin bukatzen dena.
Eskuinaldea:
- Borrokatzen ari diren munstroak.
- Beheko aldea, landare-formak, eta goian bolutekin amaitzen diren landare-formak.
- Untxi bat harrapatzen ari den arranoa.
- Kopa beretik edaten ari diren bi txori.
Azkenik, portadako janba ederrak ditugu. Ezkerraldean, gurutzatzen diren arku-jarraipena dago, Oreitiako portada edo Durrumako bataiarrian bezalaxe. Eskuinaldean, berriz, bi zurtoinek kate bat osatzen dute, eta barruan sei petaloko loreak irudikatzen dira.
Nahiz eta XIX. mendeko maestreoa aztarna historiko ugari asko ezabatu, oraindik kanpoko bolumenen korrelazioa hauteman daiteke. Burualdeko atal berriak ohitura gotikoko gangaz tertzeletedunekin estali ziren, eta nabea zeharkatzen duen kanoi-ganga zorrotzekin bat eginez. XVI. mendean, eliza margotu egin zen, baina geruza ezberdinek pintura hauen aberastasuna ikustea eragozten digute.
Erretaula
Burualdean, XVII. mendeko erretaula barroko klasizista handi bat ikus daiteke. Hiru gorputzez osatutako hiru kale ditu eta, goikaldean, gangaraino iristen den Kalbario handi batekin amaitzen da. Beheko gorputzean, sagrarioaren bi alboetan, XVI. mendeko bi lantze daude, erretaularen eraikuntza baino aurrekoak direnak: San Sebastian eta San Roke. Bigarren gorputzean, obraren garaikideak diren beste bi irudi daude: San Bizente eta San Lorenzo, Done Eztebe Lehen Martiriarekin batera agertzen direnak. Hirugarren gorputzean, San Pedro eta San Pabloren ohiko irudiak kokatuta daude, Ama Birjinarekin batera.
Sagrarioa
Hala ere, multzo horretako piezarik nabarmenena sagrario erromanista da, Esteban de Velascok 1595. urtearen inguruan eraikia. Bere ezaugarrien artean, eskulturaren kalitatea eta traza bikaina nabariak dira. Sagrarioa mikroeraikin gisa burutu zen, eta bertan ebanjelarien eta Elizako lau doktoreen irudiak biltzen dira. Erdiko eszenak, atean kokatuta, Azken Afaria irudikatzen du.
Leihate erromanikoa
XX. mendearen amaierako aldaketetan, presbiterio primitiboaren hegoaldeko leihate erromanikoa azaleratu egin zen. Erdi-puntuko leihate arkudun xumea da, landare-formekin apaindutako kapitelekin. Sakristiaren estalkian, gaur egun helezina, leihatearen kanpoaldea ikus daiteke. Leihateen arkiboltetan, zirkulu segituez egindako bezanteak daude. Hala, dekorazio mota honek Estibalitzen lan egin zuten tailerrekin antzekotasun handia dauka.
KOKAPENA
Argazkien kredituak:
Gaur egungo argazkiak: © Ondare Irekia | Patrimonio Abierto
Argazki zaharrak: Archivo del Territorio Histórico de Álava / Colección Federico Baraibar y Lorenzo Elorza.