San Esteban eliza (Betoñu)
AURKIBIDEA
- Sarrera
- Bideoa
- 360º irudiak
- Sotokoro errenazentista
- Antzinako argazkiak
- San Esteban eliza
- Kokapena
Sarrera
Betoñuko herria Vitoria-Gasteiz hiriko sare urbanoan ia guztiz integratuta dago, eta udalerriaren parte da. Betoniu bezala agertzen da Donemiliagako goldean (1025), herrixka garrantzitsu honen historiaz asko esaten diguna. Kontserbatutako domentazioak egiaztatzen duenez, Betoñu XVI. mendean arabar hiriburuaren inguruko herririk aberatsen artean zegoen. Hori kontuan hartuta, elizan egindako aldaketak eta bertan lan egindako tailerren kalitatea logikoak dira. Hori gutxi balitz, herrixkaren ingurunean bi ermita eta ospitale bat zeuden. Baina, seguru aski, obrarik nabarmenena Karmeldar Oinutsen komentua izan zen. 1904. urtetik aurrera eraikitako eraikuntza honetan, estilo neogotikoa antzeman daiteke. Egun, komentuko esparru nagusian Arte eta Goimailako Diseinu Eskola dago, eta jatorrizko hilerria orain Sancho el Sabio Fundazioaren egoitza da.
Bideoa
360º irudiak
60. hamarkadaren inguruan Gerardo López de Guereñuk egindako argazkietan elizaren profila ikus daiteke. Bertan, tenpluaren egoera aparta da, eta jardunean dagoela nabaritzen da. Halere, egilearen gustura egindako argazkiak direla kontuan hartu behar dugu. Izan ere, argazkilari eta etnografo gasteiztar bikain honen lanak aztarna erromanikoak eta koruaren zehaztasunak ditu ardatz. Ondorioz, elementu berrienak ez zituen fotografiatu.
Sotokoro errenazentista
Betoñuko elizaren erlaitza zeharkatzean, tenplu honetan aurki dezakegun artelanik deigarrienetariko bat daukagu: sotokoro errenazentista. XVI. mendeko amaieran, Juan Vélez de la Huerta maisu kantabriarraren tailerrak egin zuen, garaiko artista onenetariko bat. Arkua aingeruen buruekin eta inspirazio klasikoko motibo ugariekin dekoratuta dago. Arkuarteetan, ordea, Justiziaren eta Fedearen alegoriak irudikatuta daude. Karela pilastra ildaskatu jarraituez osatuta dago, forma geometrikoko kalatuekin lotzen direnak. Behetik ikusita, San Esteban elizako mirari arkitektoniko nagusia dugu: kasetoidurazko ganga trenkatua. Serlio tratadista italiarraren bezalako modeluetan oinarrituta, gangan forma zentrokideak osatzen dira. XVII. mendean, sotokoroa hamaika santuekin margotu zen, armazoiaren nerbioetako hutsune guztiak bete arte.
San Esteban eliza
Kanpoaldea
Betoñuko elizaren bolumen handien eta harlangaitz-hormen hetereogeneotasunaren bidez, historian zehar hainbat aldaketa izan dituen eraikuntza baten aurrean gaudela jakin daiteke. Betoniu herrixkak izandako jatorrizko ermita prerromanikoaz, ordea, ez dugu arrastorik. Halere, oraindik XII. mendean eraikitako elizaren aztarna goi-erromaniko batzuk zutik diraute.
Alabaina, eliza honen aztarna erromanikorik garrantzitsuena portada da. Nahiz eta bere eskultura nahiko bakuna dirudien, ederki eginda dago. Hiru arkiboltez eta hosto obalatu bertikaletako arkugain polit batekin osatuta dago. Hostoen dekorazio hura inpostan berriro ikus daiteke. Bigarren arkiboltak zurtoin korapilatua dauka, eta barruan hanpadura eskatadunak ditu.
San Estebaneko aberastasun artistikoaren seinale bezala, bere erretaula nagusia dugu. XVIII. mendean eginda, mahatsondo hostoez eta mahats-mordoz apaindutako zutabe salomoniko handiez osatuta dago. Bankuan San Joan eta San Lukas haien ebangelioekin batera ageri dira, eta tabernakulu neoklasikoa markoztatzen da.
Tabernakuluan, Mauricio Valdivielsoren Ecce Homo eskultura aparta kokatuta dago. Egilea, XVIII. mendeko amaieraren eta XIX. mendeko hasieraren eskultorerik esanguratsueneritako bat izan zen.
KOKAPENA
Argazkien kredituak:
Gaur egungo argazkiak : © Ondare Irekia | Patrimonio Abierto
Argazki zaharrak: Arabako Lurralde Historikoaren Agiriteria/ Federico Baraibar eta Lorenzo Elorzaren Bilduma.