San Pedro Apostoluaren eliza (Monasterioguren)

Sarrera

Monasteriogurengo San Pedro Apostoluaren eliza Gasteizko erdigunetik 7 kilometrotara dago. Tenpluaren jatorrizko dorre eta elizpe gotikoak mantentzen direnez, arabar erromanikoko eliza osoenetariko bat da. Herriari buruzko lehen aipamena 1135. urteko dokumentu batean agertzen da, Monasterium Gurena izenpean. Nahiz eta Monasterium hitzak balizko jatorri monastiko batekin harremana izan dezakeen, ez dago horrelako ebidentziarik. Halere, San Pedro Apostoluaren elizaren ondoan, XVIII. mendean desagertutako bi ermita zeudela dokumentatuta dago.

Bideoa

360º irudiak

Arkupea

Monasteriogurengo arkupea edo ataria baketoiekin molduratutako eta landare-kapitel dotoreen zein zutabeerdien gainean zurkaiztutako bost arku zorrotzek osatzen dute. Araban aurki daitekeen adibide erromaniko paregabea da. Nahiz eta Arabako beste kasuen antzeko tamaina izan, eskuinaldeko muturrean arku berri baten abioa hauteman daiteke. Antza denez, arkuteria alde horretatik luzatzen zen, edo behintzat luzatzeko ideia zeukaten. XVIII. mendeko zaharberritzean, ordea, ganga originalak antzeko diseinua zuten beste batzuekin ordezkatu ziren. Arkupean, 1994. urtean egindako zaharberritzean aurkitutako leiho ia ezkutua dago ere bai. Zirkulu-erdiko bao horren arkibolta txikiak  zutabe kapiteldunetan sostengatzen dira. Kapitel horietan, akanto moduko apaingarri estilizatuak eta maskaroi txikiak erabiltzen dira. Bestalde, kapitel erromaniko batean gizon baten aurpegia bereizten da, baina, egun, Gasteizko Arabako Elizbarrutiko Arte Sakratuaren Museoan dago ikusgai.

Antzinako argazkiak

Argazki zaharretan ikus dezakegun bezala, azken urteotan, Monasteriogurengo elizaren fisionomia ez da asko aldatu. Hala ere, 90. hamarkadan egindako zaharberritzean, XVIII. mendean horma faltsuen atzean ezkutatutako elementuak aurkitu zituzten atarian. Lan horietan, ataria eta hegoaldeko baoa agertu ziren berriro, biak estilo erromanikoan eginak. Bestalde, barruko argazkiak eta elizaren egungo itxura ez datoz guztiz bat. Aldaketarik garrantzitsuen artean, pulpituaren eza, erretaula nagusiko zenbait irudien desagerpena, eta pinturen kontserbazio txarra nabariak dira.

Eliza

Kanpoaldea

Ondoko eraikinek elizaren fabrika erromanikoaren zati handi bat estaltzen dute, bere burualdearen ikuspena eragotziz. Hala eta guztiz ere, iparraldeko eta hegoaldeko kanpoko hormak hagaburuez inguratuta daudela hauteman daiteke. Gehienak lauak izan arren, bat maskaroi batekin dekoratuta dago.

Erdi Aroko portada honetan, forma sinpleak baina dotoreak ditugu, eta hiru arkibolta zorrotz eta arkugain batez osatuta dago. Kapitelen eta lehen arkiboltaren dekorazioa akanto hostoetan oinarritzen da. Batzuen landarediatik, aurpegiak irteten dira.

Dorrea

Monasteriogurengo elizan dorre erromaniko ikaragarria mantentzen da. Oinplano karratuko dorreak, guztira, hiru gorputz ditu: Erdi Aroko jatorria duten bi zati eta ondoren atxikitutako hirugarren gorputza. Erdi Aroko bi zatiak baketoi lirainez apaindutako harlangaitzekin egin ziren. Bi gorputzak banantzen diren tokian, xake-itxurako inposta aurki daiteke. Ondoren, hirugarren gorputza dago, kanpandorre bat. Arkupetik pasata, Erdi Aroan eraikitako dorrera sartuko gara. 

Barrualdea

San Pedro Apostuluaren oinplanoa ikusita, Erdi Aroko ezaugarriak hautematen dira. Eliza nabe bakar batekin eraiki zen. Kanoi-gangak arku fajoi zorrotzekin eusten dira, baina presbiterioaren alboetan baxuagoak direla ikus daiteke. Beste momentu batean, solairu nagusiari eta Erdi Aroko gangari alboko kapera txikiagoak gehitu zitzaizkien. XVIII. mendean, maestreo prozesua aurrera eraman zen, erlaitzaren pintura eta dekorazio klasizista gehituz. 

Bestalde, tenpluan Erdi Aroko bataiarri interesgarria kontserbatzen da. Bataiarriak kopa laua, oin zilindrikoa eta baketoi batzuk dauzka.

Erretaula nagusia

1761. urtean, Juan Antonio de Pellonek San Pedro elizako erretaula nagusia egin zuen barroko berantiar estiloan. Bere apaindura, girlandetan, zintzilik dauden horma-ataletan, ildaskatutako zutabeetan eta aingeru burudun mentsuletan oinarritua dago. Erdian, Ildefonso Sarasuak 782. urtean egindako bi gorputzeko sagrario bat hauteman daiteke, eta gorputz nagusian, ordea, lau zutabe handi. Azken horien ondoan, zirkulu-erdiko arkuen azpian, bi irudi desberdin ditugu: alde batetik, Andre Mariaren sortze garbiaren tailu modernoa eta, bestetik, tenpluaren titular santuari eskainitako irudi txikiagoa, San Pedroaren irudikapena. Ezkerraldean, XVII. mendeko San Joan Bataiatzailearen irudia dago. Eskuinean, berriz, erretaularen garai bereko San Esteban tailua, Kalbario batekin errematatua dagoena. 

Alboetako erretaulak

Alboetako bi erretaulak neoklasikoak dira. Frontoi triangeluar baten eta zutabe korintoarren azpian, ezkerreko erretaulak, XVII. mendeko Arrosarioko Andre Mariaren irudia dauka. Eskuinekoan, aldiz, San Antonioren irudi modernoa dugu.

KOKAPENA

Argazki kredituak:

Gaur egungo argazkiak: © Ondare Irekia | Patrimonio Abierto

Argazki zaharrak: Archivo del Territorio Histórico de Álava.

Suscríbete a nuestra newsletter

Súmate a nuestro boletín de correo para estar al día de todas nuestras novedades.

¡Te has suscrito correctamente!

Share This