Elizmendiko Andra Mari Baseliza – Kontrasta

Sarrera

Elizmendi baseliza Kontrasta herritik kanpo dagoen muinoan kokatuta dago. Arana herrixka hiribildu bihurtu eta izena aldatu baino lehenago kontserbatutako aztarna bakarra da. Kokapen estrategiko hortik, Harana osoa eta Nafarroako muga ederki ikusten dira. Horrela, paisaia natural eta historiko aparta kontrolatzeko aukera zegoen. Kontserbaturiko lehen aztarna dokumentala 1203. urteko donazio bati dagokio. Bertan, Sancha Pedriz de Uztunigak Iratxeko monasterioari Elizmenditik zeukan elizaren hiru laurden eman zizkion. Hori gutxi balitz, zenbait etxebizitza eta orube eman zizkion monasterio nafarrari. Adituen ustez, dokumentuan agertzen den tenplua egungo baseliza izan liteke. Nahiz eta eraikuntzaren data jakitea oso zaila izan, seguruenik XI. mendean eraiki egin zen. Absidearen antzinatasuna eta modilioi bitxiak kontuan hartuta, Arabako eliza zaharrenetako baten aurrean egon ginateke.

360º irudiak

Hilarri erromatarrak

Absidearen hegoaldean eta ermita osoko paretetan, zenbait hilarri erromatarrak aurki ditzakegu. Eraikuntza-material gisa erabilitako harriak informazio iturri paregabea dira. Izan ere, datu ugari helarazten dizkigute: hildakoen izen propioak -adibidez Minicius Florus, Anica Flori (agian lehenengoaren esklaboa zena)-, Araica (euskal jatorria daukan antroponimoa)- edota haien heriotza data. Adibidez, hilarrietan ageri den gazteena, Cantabro, bederatzi urterekin hil zen. Hilarrien ikonografia oso interesgarria da ere bai. Elizmendiko kasuetan hileta-motibo erromatarrak agertzen dira: espiralak, eguzkia eta ilargia, mahatsondoak, edota forma eskematikoan errepresentatu den bikotea.

Antzinako argazkiak

Elizmendi baselizaren itxura ez da asko aldatu azken mendeotan eta, horregatik, denbora pasa ez balitz bezala ikusten dugu. Halere, 1933. urtean urgentziazko-interbentzioa burutu egin zen gangen egoera tamalgarriagatik. Zoritxarrez, berregituraketa aurreko argazkirik ez da kontserbatu. Baselizako fabrika originala bakarrik absidean eta aldaketa gutxi batzuekin mantendu da; alabaina, nabea asko aldatu dela kontuan hartu beharra dago. Argazki zaharretan tenpluaren fisionomia bereizgarria eta XX. mendeko erdian silarrietan jarritako morteroa desberdintzen dira. Barruan, absidean dagoen erretaula barrokoa ez da asko aldatu. Halere, xilofagoak direla-eta egurrezko artelanaren hondatzea nabaria da.

Baseliza

Kanpoaldea

Dudarik gabe, Elizmendi baselizaren kanpoko atalik deigarriena abside erdizirkularra da. Altuera gutxiko eraikuntza maisuki landutako silarriez eginda dago. Horren arabera, adituek XI. mendean edo lehenago egin zela defendatzen dute. Bi silarrien artean, saietera formako leihate absidiala dago, originali barrualdea argitzeko erabilia. Egun, morteroarekin itsututa dago, eta ez du bere aspaldiko funtzioa betetzen. Horren ordez, beste leiho berriago batek argitzen du barrualdea.

Modilioiak

Modilioi lerro interesgarri batek teilatu-hegalari eusten dio. Haien formari dagokionez, tenplu honen paregabeko ezaugarria da, ez baita holako kalitateko beste arabar adibiderik ezagutzen. Gainera, modilioiak ez dira hagaburu erromanikoak bezalakoak, disko formako bi alde dituztelako. Dekorazio gehienak geometrikoak dira eta zirkuluetan oinarrituta dago. Haien artean, izarrak, sei petaloko loreak, espiralak, gurpilak, gurutzeak edota asteriskoak aurki ditzakegu.

Hortaz, ikonografiak absideko hilarri erromatarrekin lotura daukala esan genezake. Adibidez, modilioi bat espiral dekorazioa duen hilarriarekin konparatuz gero, bi gauza ondorioztatuko ditugu: alde batetik, hilarriak eraikuntza-material gisa erabili zirela eta, bestetik, modilioiak zizelkatu zituenak hilarri erromatarrak modelutzat hartu zituela. Ondorioz, Elizmendin ikonografia erromatarra berreskuratu zutela deduzitzen da, Erdi Aroan zehar askotan erabiliko zena eta arabar erromanikoan erraz ikus daitekeena.
Elizmendi baselizan probintzian kontserbatu den elementu figuratibo zaharrena dago. Zehazki, modilioi batetik ateratzen den gurutzatu baten irudia. Nahiz eta zailtasunez desberdindu, Kristok beso irekiak eta oin zuzenak ditu, eta gurutze gainean jarrita dago. Burua galdu badu ere, ninboa edo argi-koroa mantentzen da. Nahiko bitxia da horrelako ikonografia Arabako erromanikoan. Lehendabizi, zonaldean Kristo maiz irudikatzen ez delako (Estibaliz eta Armentiako salbuespenekin). Bestalde, elementua Arabako tenplu zaharrenetariko batean dagoelako.

Ikus ezazu 3Dko modeloa

Saguaren ezkerreko botoiarekin mugitu eta biratu dezakezu. Eskuineko botoiarekin lekua alda dezakezu eta gurpilarekin zooma egin dezakezu.

Teilatu-hegalean beste irudi misteriotsua dago. Animali koadrupedo honek, otso batekin erlazionatu dena, ez du bat egiten beste modilioiekin. Mukulu biribileko eskulturan animaliaren burua eta aurrealdea sumatzen dira, baina irudiak ez du inongo erlaziorik barruko dekorazioarekin. Halere, otsoaren errepresentazioa oso interesgarria da. Izan ere, errotutako ohitura bati buruz hitz egiten digu: otso-ehizaldia. XVIII. mendeko zenbait dokumentuen arabera, otsoek abereak harrapatzen zituzten, eta biztanleak baselizara joan ohi ziren otso-ehizialdian arrakasta izateko.
XX. mende hasieran, “baseliza hain hondatuta zegoenez, batez bere kanpoaldea, hormak erortzen ari ziren”. 1933. urtean, nabean eraberritze garrantzitsu batzuk aurrera eraman ziren. Hortaz, kanpoaldea zuriberritu eta indartu zen, baina eraikuntza-material originalak errespetatu ziren. Hormetan eta zimenduetan ikusten denez, hilarri erromatarrak eta Goi Erdi Aroko hilobiak berrerabili ziren. Barruan, gangak kendu eta sabai lauarekin ordezkatu ziren. Egun, gangen existentziaz dakigu dokumentu historiko batzuengatik eta kontserbatutako nerbioen abiaguneengatik.
Iparraldeko sakristiak baseliza osatzen du. Orain dela hamarkada batzuk teilatuan egindako obran, dekorazio geometrikoko bi modilioi ezkutatu ziren. Izan ere, kanpoan, sakristiako harri xumeetan, beste modilioi baten arrastoak bereiz daitezke. Kasu horretan, gurutze formako modilioia da.
Barrualdea

Barruko itxura guztiz desberdina da. 1933. urteko berrikuntza baseliza eguneratzearen helburuarekin moldatu egin zen. Burualdeko eraberritzea pinturarekin egin zen, eta Erdi Aroko absidea zuriz margotu zen. Gainean, erlaitza eta xake-dekorazioko arkitrabeak marraztu ziren, bi itxurazko zutabe korintiarrekin batera. Labe-gangan beste ganga neoklasikoa margotu zen, nerbioekin eguzkiaren pertsonifikazioa osatzen duenak. Usoak espiritu santua irudikatzen du, eta XVIII. mendeko erretaula barrokoan kokatzen da.

Absidean, churrigueresco estiloan egindako erretaula nagusia dago. Artelanak zutabe salomonikoak ditu eta urrez margotuta dago. Irudi nagusia XVI. mendeko Andre Maria eta Umearen tailua da. Alboetan, bi tailu txiki daude: San Lorenzo martirioa jasandako parrilarekin eta San Roke peregrinoz jantzita eta hanka zaurituarekin.

Aldameneko beste bi erretauletan, umilagoak eta egurra margotuarekin eginak, estilo neoklasikoko San Joan Batailatzea eta San Adrianen irudikapenak daude. Antza denez, San Adrianen tailua inguruko ermita batetik ekarri zuten. XVII. mendean egindako artelanak liburua eta martirioaren palma daramatza.

Kokapena

Créditos fotográficos:

De las fotografías actuales: © Ondare Irekia / Patrimonio Abierto.

Suscríbete a nuestra newsletter

Súmate a nuestro boletín de correo para estar al día de todas nuestras novedades.

¡Te has suscrito correctamente!

Share This