Elizmendiko Andra Mari Baseliza – Kontrasta
Sarrera
Elizmendi baseliza Kontrasta herritik kanpo dagoen muinoan kokatuta dago. Arana herrixka hiribildu bihurtu eta izena aldatu baino lehenago kontserbatutako aztarna bakarra da. Kokapen estrategiko hortik, Harana osoa eta Nafarroako muga ederki ikusten dira. Horrela, paisaia natural eta historiko aparta kontrolatzeko aukera zegoen. Kontserbaturiko lehen aztarna dokumentala 1203. urteko donazio bati dagokio. Bertan, Sancha Pedriz de Uztunigak Iratxeko monasterioari Elizmenditik zeukan elizaren hiru laurden eman zizkion. Hori gutxi balitz, zenbait etxebizitza eta orube eman zizkion monasterio nafarrari. Adituen ustez, dokumentuan agertzen den tenplua egungo baseliza izan liteke. Nahiz eta eraikuntzaren data jakitea oso zaila izan, seguruenik XI. mendean eraiki egin zen. Absidearen antzinatasuna eta modilioi bitxiak kontuan hartuta, Arabako eliza zaharrenetako baten aurrean egon ginateke.
360º irudiak
Hilarri erromatarrak
Absidearen hegoaldean eta ermita osoko paretetan, zenbait hilarri erromatarrak aurki ditzakegu. Eraikuntza-material gisa erabilitako harriak informazio iturri paregabea dira. Izan ere, datu ugari helarazten dizkigute: hildakoen izen propioak -adibidez Minicius Florus, Anica Flori (agian lehenengoaren esklaboa zena)-, Araica (euskal jatorria daukan antroponimoa)- edota haien heriotza data. Adibidez, hilarrietan ageri den gazteena, Cantabro, bederatzi urterekin hil zen. Hilarrien ikonografia oso interesgarria da ere bai. Elizmendiko kasuetan hileta-motibo erromatarrak agertzen dira: espiralak, eguzkia eta ilargia, mahatsondoak, edota forma eskematikoan errepresentatu den bikotea.
Antzinako argazkiak
Elizmendi baselizaren itxura ez da asko aldatu azken mendeotan eta, horregatik, denbora pasa ez balitz bezala ikusten dugu. Halere, 1933. urtean urgentziazko-interbentzioa burutu egin zen gangen egoera tamalgarriagatik. Zoritxarrez, berregituraketa aurreko argazkirik ez da kontserbatu. Baselizako fabrika originala bakarrik absidean eta aldaketa gutxi batzuekin mantendu da; alabaina, nabea asko aldatu dela kontuan hartu beharra dago. Argazki zaharretan tenpluaren fisionomia bereizgarria eta XX. mendeko erdian silarrietan jarritako morteroa desberdintzen dira. Barruan, absidean dagoen erretaula barrokoa ez da asko aldatu. Halere, xilofagoak direla-eta egurrezko artelanaren hondatzea nabaria da.
Baseliza
Kanpoaldea
Dudarik gabe, Elizmendi baselizaren kanpoko atalik deigarriena abside erdizirkularra da. Altuera gutxiko eraikuntza maisuki landutako silarriez eginda dago. Horren arabera, adituek XI. mendean edo lehenago egin zela defendatzen dute. Bi silarrien artean, saietera formako leihate absidiala dago, originali barrualdea argitzeko erabilia. Egun, morteroarekin itsututa dago, eta ez du bere aspaldiko funtzioa betetzen. Horren ordez, beste leiho berriago batek argitzen du barrualdea.
Modilioiak
Modilioi lerro interesgarri batek teilatu-hegalari eusten dio. Haien formari dagokionez, tenplu honen paregabeko ezaugarria da, ez baita holako kalitateko beste arabar adibiderik ezagutzen. Gainera, modilioiak ez dira hagaburu erromanikoak bezalakoak, disko formako bi alde dituztelako. Dekorazio gehienak geometrikoak dira eta zirkuluetan oinarrituta dago. Haien artean, izarrak, sei petaloko loreak, espiralak, gurpilak, gurutzeak edota asteriskoak aurki ditzakegu.
Barruko itxura guztiz desberdina da. 1933. urteko berrikuntza baseliza eguneratzearen helburuarekin moldatu egin zen. Burualdeko eraberritzea pinturarekin egin zen, eta Erdi Aroko absidea zuriz margotu zen. Gainean, erlaitza eta xake-dekorazioko arkitrabeak marraztu ziren, bi itxurazko zutabe korintiarrekin batera. Labe-gangan beste ganga neoklasikoa margotu zen, nerbioekin eguzkiaren pertsonifikazioa osatzen duenak. Usoak espiritu santua irudikatzen du, eta XVIII. mendeko erretaula barrokoan kokatzen da.
Aldameneko beste bi erretauletan, umilagoak eta egurra margotuarekin eginak, estilo neoklasikoko San Joan Batailatzea eta San Adrianen irudikapenak daude. Antza denez, San Adrianen tailua inguruko ermita batetik ekarri zuten. XVII. mendean egindako artelanak liburua eta martirioaren palma daramatza.
Kokapena
Créditos fotográficos:
De las fotografías actuales: © Ondare Irekia / Patrimonio Abierto.




















