Bakardadearen baseliza (Atauri)
Sarrera
Atauritik Maezturako bide berdea hartuz gero, zailtasunez bizirauten duen ermita erromaniko xume batera helduko gara. Donemiliagako Goldean (1025), Ataburi de Suso eta Ataburi de Iuso herrixkei buruz hitz egiten da. Antza denez, lehenengoa egungo Atauri herria zen. Bigarrena, nahiz eta segurtasun osoz ezin ziurtatu, Bakardadearen baselizarekin erlazionatu egin da. Historian zehar, Ataurik kokapen estrategikoa izan zuen Mendialdeko orografia korapilatsua zeharkatzen zituzten eta ibaiaren ertzean pasatzen ziren bideen kontrol gune gisa. Hori dela eta, Ataurik gaztelu oso garrantzitsu bat zeukan, Nafarroako Antso VII.a Azkarrak Larraun eta Larraga hiribilduei foruetan eman ziena. Egun, funtzio guzti horiek galdu dira, baina tenpluaren arkitekturak eta askotariko erabilerek iraganeko komunitateentzat izandako garrantzia baieztatzen dizkigute.
Bideoa
360º irudiak
Antzinako portada
Eraikinaren abandonu eta hondamendi etapak direla eta, egungo nabea berreraikia da. Halere, askotan gertatzen den bezalaxe, antzinako eraikinaren zenbait material berrerabili egin dira. Bakardadearen baselizan, iraganeko portadatik hartutako silarri dekoratu batzuk aurki ditzakegu. Bestalde, profil baketoidun eta liso gutxi batzuk bereizten direnez, Atauriko parrokiako portadaren antzekoa dela esan genezake.
Gerardo López de Guereñuk 70. hamarkadan ateratako argazkiek baieztatzen dizkigute ermita kontserbazio egoera larrian zegoela. Baselizaren estruktura gaurkoa bazen ere, bere murruetako arrailek eta estalkiaren egoera txarrak ezinbestekoa egiten zuen eraikina konpontzea. 1983. urteko zaharberritze lanetan zimentuak ondoztatu, erlaitzak eta hagaburuak berriz jarri eta estalkia guztiz berregin ziren.
Baseliza
Kanpoaldea
Gaur egun, baseliza Bakardadearen Andra Mariri dagokio, baina antzinako dokumentazioaren arabera, San Julianen izenpean eraiki zen. XII. mendeko eraikin honek iragan erromanikoa dauka, baina eraikuntza fase horretatik bakarrik burualdea kontserbatzen da. Izan ere, gainerakoa abandonu etapa bat ostean eraikina berregin zen Atauri herriko baseliza bezala erabiltzeko asmotan.
Baselizaren barrualdea oso xumea da, eta burualdeko zabalera duen nabe bakar batez osatuta dago. Bestalde, presbiterioko sarrera garaipen arku oso itxi eta zabal batekin egiten da.
KOKAPENA
Argazki kredituak:
Gaur egungo argazkiak: © Ondare Irekia | Patrimonio Abierto
Argazki zaharrak: Arabako Lurralde Historikoaren Agiritegia.