San Joan Bataiatzailearen Lepoaren Mozketaren ermita (Zekuiano)

Sarrera

Egun, Zekuiano Laminoriako herri txikia da. Erdi Aroan sortu omen zen, XI. mendeko Donemiliagako Goldeak baieztatzen duen bezalaxe. Halere, Cekungau gisa aipatzen dela kontuan hartu beharra dago. Herriko tenplua nahiko handia da eta eraikinak izan dituen aldaketak eta handitze lanak erraz ikus daitezke. Antzinako bidegurutze garrantzitsu batean kokatuta zegoenez Zekuianok oparotasun itzela zeukan. Nahiz eta gaur egun bide horien aztarnarik ez kontserbatu, badakigu hemendik pasatzen ziren bideak Maestu igaro eta Errioxa edota Nafarroatik zetoztela, eta Arabako Lautadarekin lotzen zirela Uribarri-Jauregi, Gereñu edota Alaitzako pasabide eta mendateekin. Guzti horrek Erdi Aroan eta Aro Modernoan Laminoria lurralde dinamiko eta aberatsa zela adierazten digu. Aro Garaikidera heltzerakoan, ordea, Zekuiano gainbehera eta isolatze prozesu batean sartuko da.

Bideoa

360º irudiak

Santa Pia abadia

Laminoriako Errege Harana Santa Piako abadearen jaurerria zen. 1785. urtean, abadia laikoa eraitsi egin zen, eta ez dugu ia horren arrastorik kontserbatu. XI. mendeko lehen berri dokumentalak dioten arabera, bertan herri bat zegoen (gaur galdua) eta abadia laster botere laikoarekin elkartu zen. Inguruko herrixken zerga-bilketa egiteko erabiltzen zenez, bertako abadeak botere eta ospe handia izan zuten Laminorian. Antza denez, bertako leinuek nolabaiteko lotura zuten Santa Piarekin, baina askotan bakarrik prestigioa lortzeko aitzakia zen, eta ez ziren maiz joaten. XVIII. mendean eraikina abandonatu zenez, eraikinaren aztarna material gutxi kontserbatu dira, eta gehienak Haranako leku limitrofeetara eraman ziren. Zekuianon, abadiatik ekarriak izan litezkeen pieza batzuk daude, hala nola: kapitel batzuk eta portadako zati bat. Halere, seguruenik obra nabarmenena Birgaragoienen dagoen XVI. mendeko harrizko sagrarioa da.

Ermita

Zekuianoko elizan denboran zehar egindako hainbat aldaketen aztarna kontserbatzen ditugu. Burualdea zuzena da eta presbiterioa nabea baino baxuagoa da, teilatu-hegala sostengatzen duen hagaburuak baieztatzen duen bezalaxe. Ekialdeko horman bi saietera leihate daude. Haietatik, barrukoa interesgarriagoa da, bloke bateko ferra arkutxoa dauka-eta. Nahiko zaila da jakitea murrua prerromanikoa den ala leihatea berrerabilia izan den XII eta XIII. mendeen artean eliza eraikitzerakoan. Denbora pasa ahala eraikina hainbat aldaketa izan baditu ere, fabrika gehiena erromanikoa dela argi dago.

Zekuianoko elizan, XIX. mendeko portiko baten aterpean, egundoko portada erromanikoa dago. Kanpoaldean eta dorrean, XV. mende amaierako elementu ugari eta XVI. mende hasierako eraikuntza-fase zehaztugabe baten aztarnak hauteman daitezke.
Erdi Aroko portada mendebaldeko murruan dago, kokapen bitxia Arabako erromanikoan. Lau arkibolta zorrotzez osatuta dago, lerro baketoidunak eta xake formako apaindurak aldizkatzen dituztenak. Dobelak dekorazio begetalez, lerro bertikalez eta puntan aurpegi bitxiez beteta dagoen inpostan sostengatzen dira. Inguruko beste portada batzuen modura, fustetan kapitelak egon ordez “V” itxuran egindako forma geometrikoak daude.
Barrualdea

1828. urtean Vicente de Nanclaresen maestreoa eta kareztadura lodia direla eta, Zekuianoko tenpluko Erdi Aroko itxura guztiz ikusgaitz dago. Nahiz eta Erdi Aroko estalkia luneta ganga batekin aldatu egin den, oraindik erreformak biziraun dituzten parpain arku erromanikoez osatuta dago.

Bestalde, burualdean jatorri erromanikoko zenbait pieza badaude ere, haien datazioa ez dago oso argi. Oro har, kapitelak fabrika prerromanikoarekin erlazionatu dira, baina nahiko zaila da hau baieztatzea. Horrez gain, lehen aipatutako “V” formako dekorazio bereizgarria duen fustea dago. Adituen ustez, fustea beste tenplu limitrofe batetik ekarria izan liteke, adibidez Santa Piako abadiatik. 

Erretaula

XVIII. mendeko erretaula xumea agian parrokiaren gainbehera momentuan egin zen. Sagrarioa, ordea, lehenago egin zen eta lau zutabe salomonikoez osatutako tenpletea dauka. Bere bi aldeetan, bankuan, Azken Afaria eta Hatz Ikuzketaren pintura xumeak daude.

Aldeetako kaleetan trebezia eskasarekin egindako San Antonioren eta San Joseren irudiak daude. Artistikoki hitz eginda, erretaula osoko piezarik interesgarriena San Joan Bataiatzailea da. Eskuineko eskuan, bere burua moztuta darama eta gurutzea ezkerrekoan. Goian, trebezia eskasako Kalbarioa dago.

Beste erretaulak, Andre Maria Agurneri eta San Pedrori eskainiak, hormetako nitxoetan kokatuta daude. XVIII. mende amaieran egindako tailu hauek eta erretauletan agertzen diren beste irudiak kalitate handikoak dira. 

KOKAPENA

Argazki kredituak:

Gaur egungo argazkiak: © Ondare Irekia | Patrimonio Abierto

Suscríbete a nuestra newsletter

Súmate a nuestro boletín de correo para estar al día de todas nuestras novedades.

¡Te has suscrito correctamente!

Share This