Natibitatearen eliza (Arkaia)

Sarrera

Arkaia Salburuako auzo gasteiztarraren bukaeran dago, eta herri independentea izan arren, hiriburuaren eta landa-eremuaren arteko lotura da. Egun tamaina txikiko herria bada ere, bere garrantzi historikoaren berri ematen diguten aztarnez josia dago. Adibidez, Arkaiako aztarnategi xumeari esker, erromatar garaian terma batzuk zeudela baiezta daiteke. Bestalde, Natibitatearen elizak oraindik zenbait elementu erromaniko mantentzen ditu, gehienak ezkutatuta. Horrela, eremuetako biztanleriaren iraunkortasuna dakigu. Halere, elizaren Erdi Aroko iragana XVIII. mendeko erreforma neoklasikoekin estalita dago, non garaiko arkitekto onenetariko batek parte hartu zuen: Justo Antonio de Olaguibel.

Bideoa

360º irudiak

Arkaiako termak

Arkaiako termak Iter XXXIV deritzon galtzada erromatarraren ondoan eraiki ziren bidaiarien eta merkatarien beharrak asetzeko. Lautada gurutzatzen zuen bide horrek Burdeos eta Astorga konektatzen zituen. Termak I. mendeko amaieran eraiki ziren eta, arrazoi ezezagunengatik, 50 urte ondoren abandonatu ziren. Hala eta guztiz ere, termen egiturako hainbat espazio kontserbatu dira: jantzitegia (apodyterium), ur hotzeko aretoa (frigidarium), ur epeleko gela (tepidarium), ur berokoa (caldarium) eta ariketa fisikoak egiteko patio edo palestra. Bestalde, tepidarium-eko zutabe txikiak zorua sostengatzeko balio zuten. Zutabetxoak berotze-sistemaren (hipocaustum) parte ziren, eta gela berotzen zuten aire beroa oholtza eta pareta hutsetatik pasatuz.

Antzinako argazkiak

Antza denez, elizaren argazki zaharrenak egin zirenetik aurrera, eraikuntzaren egiturak ez du aldaketa handirik jasan. XVIII. mendeko azken erreforma handiek egungo itxura eman zioten Natibitatearen elizari. Guztira, hiru eraikuntza-fase nagusi hautematen dira. Kanpoaldean, lehen garai erromanikoarekin erlazionatutako zenbait elementu ikusiko ditugu. Ipar eta mendebaldeko paretetan, hagaburu batzuen aztarnak ditugu, eta beste eraikuntza-faseetan berrerabilitako harri landuak kontserbatu dira. Nabe erromanikoa Aro Modernoan zehar estali zen ia oinplanta berriko parrokia atxikituz. Horregatik, nabea oso aldatuta dago, eta orain udalbatzaren bilgune gisa erabili ohi da.  Azkenik, XVIII. mendean, ataria berregin zen eta maestreoa aurrera eraman zen. Horrela, beste garaietako elementuak erlaitz eta taulamenduekin estali ziren, eliza irizpide neoklasikoetan bateratzeko asmoarekin.

Eliza

Kanpoaldea

Termetatik metro gutxietara, Arkaiako Natibitatearen eliza aurkituko dugu. Eliza zahar honek elementu erromaniko ugari ditu, nahiz eta batzuetan ezkutatuta egon. Eraikuntza osotik sakabanatuta daude, eta Erdi Aroan zeukan itxura jakiteko aukera ematen digute. Adibidez, nabearen jatorrizko forma edota elizaren tamaina iparraldeko hagaburu lerro bati esker imajinatu dezakegu.

Portada zaharra

Eliza primitiboaren portada egungo tenpluaren hormen artean mantendu egin da. Hala ere, portada berrikuntza errenazentistan lekualdatu zuten, agian tenpluak izango zuen tamaina berriari molda zezan. Nahiz eta kanpotik ikusten ez den, portada elizaren egungo sarreran dago. Dorrean sartzeko eskaileretatik, XVIII. mendean eraikitako sabai aizunean, portada erromanikoaren akanto hostoz dekoratutako arkiboltak kontserbatu dira. Hormetan, beste motatako elementu desberdinak eta jatorrizko elizak izandako landare-dekorazioko kapitel erromanikoa ikus daitezke.

Barrualdea

Natibitatearen eliza erromanikoak izandako altxorrik preziatuena barruan kontserbatzen den bataiarria da. Pieza handi honen kopan, arte klasikoan inspiraturiko dekorazio geometrikoa hauteman daiteke. Zehazki, elkarri lotzen diren zirkuluz osatutako grekan edota barruan gailentzen diren zortzi puntako izarrak eta motibo zirkularretan. Erdiko dekorazioaren alboetan, beste elementu geometriko batzuk azaltzen dira goi eta behealdeko bandetan. Bataiarriaren atzealdean, ordea, ez dago dekoraziorik, beharbada pieza horma baten kontra jarrita zegoelako.

XVI. mendean, eliza Lautadako estilo gotikoan birplanteatu zen, tenplu erromanikoaren hegoaldeko hormari atxikituz. Horrez gain, abside poligonala eta bi fase desberdinetan estalitako gurutzadura-nabea eraiki ziren. Bestalde, burualdean ganga errenazentista konplexuen nerbioetan lorez eta izarrez osatutako forma geometrikoak eratzen dira. Elizaren oinaldean, ordea, ertz-gangak dauzkagu, barrokoari lotuagoak.

Justo Antonio de Olaguibel (Gasteiz, 1752-1818) arkitekto neoklasiko apartak tenpluko maestreoa diseinatu zuen. Bere diseinuen artean, erlaitz gisa eraikuntza osoa inguratzen duen taulamendu sendoa nabarmena da, tenplua sostengatzeko erabili diren zutabe eta pilastra klasikoak bezalaxe. Aldaketa horiei esker, sabaiko gangen nerbioak bukatzen diren kapitel gotikoak estali ziren. Ondorioz, eraikuntza soilagoaren itxura lortu zen, neoklasizismo estiloarekin bat datorrena.

Erretaula

XVIII. mendeko erretauletan oraindik elementu barrokoak biziraute, baina aire neoklasikoekin nahastuta. Natibitatearen elizaren erretaula nagusian bi margolan egin ziren: San Pedro, San Migel eta San Juan Bataiatzailearen irudiak (ezkerreko argazkia); eta Santa Katalina, San Pelaio eta San Bitorren koadroa (eskuinekoa). Bi margolanetan, antzeko inskripzio bana agertzen dira, Arkaia inguruan sei eliza ezberdin egon zirela gogoratzen digutenak. Gaur egun desagertutako tenpluak  horien omenez sagaratu ziren.

Sagrario gainean, Andre Mariaren Natibitatearen erliebea dago. Bertan, Santa Ana Maria erditzen ari da emaginen eta aingeruen laguntzarekin. Bigarren plano batean, San Joakim eszenari so dago. Eszena barrokoa garaiko gortina batekin inguratzen da, konposaketa nabar honi dinamismoa eskainiz. Alboetako nabeetan aurkitu daitezkeen tailuak erretaula baino aurreko garai bateko Andre Mariaren eta San Eugenioaren irudikapenak dira. Azken hau, apezpiku gisa jantzita dago eta besoetan gurutze bat darama. Erretaularen gainena, mihisean margotutako Kalbarioa errepresentatu da.

Alboetako erretaulak Valdivielso eskultore-dinastien obra dira, arabar neoklasizismoko adierazle nagusitzat hartu ohi direnak. Bi erretaula hauetan, San Josef Umearekin eta Errosarioko Andre Maria irudikapenak daude, tamaina txikiagoa duten figurez inguratuta.

KOKAPENA

Argazki kredituak:

Gaur egungo argazkiak: © Álava Medieval / Erdi Aroko Araba

Argazki zaharrak: Archivo del Territorio Histórico de Álava.

Share This