San Andres Apostoluaren eliza (Birgaragoien)

Sarrera

Birgaragoien herrian, San Andres eliza itzela altxatzen da. Nahiz eta herrixka 1025. urtetik dokumentatuta egon, tenplua XII. mende bukaerakoa edota XIII. mende hasierakoa da. Erdi Arotik, Birgaragoiengo kokapena estrategikoa izan da, Arabako Mendialdeko haranak eta beste eremuak lotzen zituzten bideak antolatzen baitzituen. Birgaragoien eta Birgarabarren, ondoko Atauri, Azazeta edota Maeztu bezalaxe, Gaona jaurerriren parten izan ziren. XIV. mendetik aurrera, Gaona leinuak Arabako Mendialdea menderatu zuen, baina elizaren eraikuntza aurrekoa da. Alde batetik, San Andres eliza Mendialdea kontrolatu zuten leinuen boterearen adibide aparta da. Izan ere, dokumentazio historikoan ez da ia ezer jasota geratu. Bestetik, tenplua Arabako erromanikoko tailer garatuenek lortutako hobekuntza-mailaren adibidea da.

360º irudiak

Bataiarria

1828. urtean bataiotegi berria eraiki ondoren, Erdi Aroko bataiarria lurperatzea erabaki zuten. Zorionez, dokumentazioan idatzita utzi zen eta XX. mendeko zaharberritzeak egiten ari zirela, bataiarri erromaniko bikaina berreskuratu egin zen. Araba mailan, bataiarri onenen artean dago eta bere ikonografiaren interpretazioa nahiko konplexua eta zaila da. Adibidez, bakarrik dagoen eszena batean idazmahai batean irakurtzen ari den monje txanoduna errepresentatu da. Landu gabeko zatiak ondoren, bi eliz-mutilekin batera meza ospatzen ari den lekaidea ikus daiteke. Ondoan, makila daraman pertsonaia (apezpikua edota, agian, abadea) eserita dago eta bedeinkazio keinua egiten ari da. Dekoraziorik gabeko beste hutsune bat eta gero, oso interpretazio zaila duen hurrengo sekuentzia dago: zaia motzarekin jantzita dagoen pertsonaia bizardun batek zesta bat darama ezkerreko eskuan eta, eskuinekoan, kaliza eskaintzen die jantzi talarra daramaten hiru pertsonaiei (ziurrenik monjeak). Interpretazio orokorraren arabera, noble itxurako pertsonaia lekaideei donazioa egiten ari die. Konposizioa Gaztela eta Leongo koroari erreferentzia argia egiten dion eszena heraldiko batekin bukatzen da, alde bakoitzean lehoi bat duen gaztelu baten gainean lehoi arrapaladun handia baitago.

Antzinako argazkiak

Duela hamarkada batzuetako arazo estrukturalak direla eta, premiazko interbentzio sakona egin zen. Katalogo Monumentaleko argazkiak kontsultatuz gero, XIX. mende hasieran egindako erreforma batzuetan portada erromanikoa horma baten atzean ezkutatu zelaz ohartuko gara. 1997. urteko zaharberritze lanetan, portikoaren gangak kendu ziren eta, ondorioz, portada originala aurkitu zen. Harri-hormetako zati puskatuak berreskuratu eta portada garbitu eta gero, profesionalek Arabako erromanikoko obra ederrenetariko bat berreskuratu zuten.

Eliza

Kanpoaldea

Begirada bakar batean, Birgaragoiengo tenpluak izandako hainbat aldaketa eta eraikuntza fase ikus ditzakegu. Hegoaldeko murruan, elizaren sarrera ondoan, Erdi Aroko kanpai-horma edota dorre gisa interpretatu diren aztarnak daude. Bestalde, paramentuetan Erdi Aroko zein Aro Modernoko handitzeak eta aldaketak nabaritu ditzakegu. Haien artean, kanpandorrearen eranskina nabarmentzen da. 1756. urtean, José del Castillok lehen dorrea burutu zuen, baina arazo konstruktibo batzuk direla eta, 1797. urtean Justo Antonio de Olaguibelek egungo dorrea diseinatu zuen.

Dena dela, bere Erdi Aroko obrarik garrantzitsuena portada da. Hementxe Matauko herriko tailerrak lan egin zuten, Erdi Aroan eta Aro Modernoan Lautada eta Mendialdeak izandako harreman komertzial eta kultural estuen ebidentzia dena. Portada handi hori lau arkiboltez osatuta dago, eta akanto hostoekin, baketoiekin eta lau petaloko hostoekin apainduta dago. Horretaz aparte, arkugain baketoidun bat dauka.
Kapitelak ikusita, portadan lan egindako tailerren kalitatea baieztatzen da. Bitxia bada ere, horietako batzuen mihiztadurek planifikazio edo muntaia arazoak egon zirela helarazten dizkigute. Ezkerretik hasita, ezkutua daraman gizon bat dragoi baten aurka borrokatzen ari da landarez betetako leku batean. Ondoan, partzialki moztutako kapitel txikiago batean bi eszena ditugu: presa bat ehiztatzen ari den arranoa eta, bestalde, bi suge borroka-jarreran. Aldamenean, konposizio arraroa duen kapitel batek tailerrak oso aurreratuak zeudela baieztatzen digu. Izan ere, bertan estilo gotikoko landareak errepresentatzen dira. Ondoko kapitelean, koroa daraman errege batek eskuineko eskuan gurutzea darama eta, ezkerrean, palmondoa. Bestalde, estilo ekialdetarreko kapitel batena, bi hegaztik aurrez aurre daude haien gorputzak sastrakan nahasten diren bitartean. Azkenik, janbako kapitelean harpia eta pizti bat agertzen dira.
Eskuinean eta kanpotik hasita, dekorazio begetaleko kapitela dugu, hurrengoarekin elkartzen dena peiote batekin jantzita dagoen figura maskulino bat erabiliz. Dirudienez, figurak animali bati hanketatik heltzen ari dio. Ondoan, arrano basati bat erbi baten gainean jarrita dago. Hurrengo kapitelean, txikiagoa dena, hiru ataleko konposizioa dugu: bi gorputzeko lehoia eta munstro itxurako hegaztia. Soberako kapitelak dekorazio begetal originalez beteta daude.
Eraikinaren inguruan, Erdi Aroko zenbait elementu kontserbatu dira. Adibidez, hegoaldeko murruan, elizgizona eta aingerua dituen eskultura apurtuta dago. Gainera, ekialdean, leihate erromaniko interesgarri bat kontserbatzen da.
Barrualdea

Barruan, XIX. mendean egindako maestreoak Erdi Aroko dekorazioak ezkutatzen dituenez, nahiko zaila da gurutzeria-gangen kronologia zehaztea. Adituen iritziz, XIV eta XV. mendeen inguruan koka ditzazkegu. Nabea bi tarteekin artikulatzen da parpain-arku erromaniko berantiar lodiak erabilita. Eraikinaren perimetro originala portadako eraikinarena balitz, gangak beranduago egingo ziren, Arabako elizetan oso ohikoa dena.

Presbiterioa nabe nagusia baino pixka bat estuagoa da, eta alboko murruak bi arkusolio ditu. Seguraski, lurperatze-leku gisa erabili ziren. XVIII. mendeko erretaula xumea zailtasunez sartzen da Erdi Aroko gangetan. Hiru kalez eta banku batez osatuta dago, eta bere eszenen artean, Judasen Musua eta Baratzeko Otoitza gailentzen dira. Erdiko horma-hobian, San Andres Apostoluaren tailua dago, San Pedro eta San Pabloren eskulturekin batera. Erretaula Kristo gurutziltzatua, Ama Birjina eta San Juan agertzen diren Kalbario xume batekin ixten da.

Kokapena

Créditos fotográficos:

De las fotografías actuales: © Ondare Irekia / Patrimonio Abierto.
De las fotografías antiguas: Photo Araba (https://photo.araba.eus/r/item/ES.01059.ATHA.GUE.CD.04567) y Catálogo Monumental vol. V.

Suscríbete a nuestra newsletter

Súmate a nuestro boletín de correo para estar al día de todas nuestras novedades.

¡Te has suscrito correctamente!

Share This