AURKIBIDEA
- Sarrera
- Bideoa
- 360º irudiak
- Apostolutzaren leihatea
- Antzinako argazkiak
- Eliza
- Kokapena
Sarrera
Gasteiztik ateratzen den ibilbide atsegina oinez zein bizikletaz eginez, Lasartera helduko gara. Iristean, historiaz betetako herri batean gaudela iragartzen digun eliza izugarri batekin topo egingo dugu. Lassarte herrixka XI. mendeko Donemiliagako goldean jasota dago eta, dokumentuaren arabera, 3 golde ordaintzen zituen, idatzi honetan agertzen den gehieneko kopurua. Horrek adierazten digu mende urrun haietan Lassartek biztanle ugari zituela, eta familia garrantzitsuak zeudela zerga altu horiei aurre egiteko. XIII. mendearen amaieran, Gaztelako Antso IV.a erregeak herrixka Gasteizi eman zion. Alabaina, bere garrantzia ez zuen galdu. Izan ere, Zaldunen eta Infanzoien Batzarren egoitza Lasarten zegoen. Elizan XII eta XIII. mendeetako aztarna erromanikoak kontserbatzen ditu, eta modernoagoak ere bai. Haren berritze-prozesuen artean, garrantzitsuena XVI. mendearen hasierakoa da.
Apostolutzaren leihatea
Abside poligonalaren horma-atal batean penintsula osoan aurki daitekeen leiho erromaniko aberats eta ederrenetako bat aurkitzen da. Araban, Armentiako obrekin bakarrik konpara daiteke. Izan ere, leihatea Armentiako basilikatik datorrela uste da, kolegiatan lan egindako azken tailerraren oso antzekoa delako. XVIII. mendearen amaieran tenplua erortzeko zorian zegoenez, pieza ugari probintzia osotik sakabanatu zituzten. Nolanahi ere, hipotesiak irekita daude, eta, oraindik ere, zaila da jakitea leihatea originala edo Armentiatik ekarria den. Halere, herrixkak izandako garrantzi historikoa kontuan hartuz gero, Lasarteko tenpluak kalitate handiko leihateak izango zituela pentsatzea logikoena da.
Leihatea dekorazio aberatsez apaindutako bost arkiboltez osatuta dago. Kanpotik hasita, bigarren arkiboltan arraultza- eta tanta-apaingarriak hauteman daitezke, egileen mundu klasikoarekiko zaletasuna gogorarazten diguna. Apostoluak leihatearen barrualdean eta kanpoaldean banatzen dira, eta alde bakoitzean sei agertzen dira zutabe‑estatua formarekin. Ez dago argi nortzuk diren, ezaugarri generiko asko dituztelako eta kontserbazio-egoera egokiena ez delako. Nolanahi ere, ezkerretik hasita, lehena San Pablo izan liteke (burusoila delako eta errotulua daramalako). Ondoko irudian, bizarra motzagoa duen santua dugu. Seguru aski, San Pedro da, eskuan giltza handi bat daramalako. Barruan, leihateko dekorazioak pixka bat hondatuagoak daude, ezkutuan egon baitziren 1974. urteko azken zaharberritzeak arte. Adituen ustez, multzoa estali zen arte erromanikoarekiko zaletasuna desagertu zelako eta bertakoentzat leihatea mantentzea ez zelako hain garrantzitsua.

Antzinako argazkiak
1974. urtean eliza zaharberritu zen Julio Herrero arkitektoaren agindupetan. Prozesuan zehar hainbat aldaketa eta aurkikuntza egin ziren. Federico Baraibar eta Lorenzo Elorzaren bilduman ikus dezakegunez, XX. mendearen hasierako argazkien arabera, apostolutzaren leihateak alboetan kalitate handiko bi zutabe-estatua zituen. Barrualdean, leihate erromanikoak estalitako erretaula neoklasikoa zaharberritze prozesuan kendu zuten, balio artistiko gutxi zeukalako. Barrualdea harmonikoagoa izan zedin eta irudiak ez hondatzeko, zutabe-estatuak barrura eraman ziren. Bestalde, argazkietan ikusten denez, portada erromanikoa kronologia ezezagunetako pinturak zituen, beste tenplu askotan bezalaxe. Tamalez, Lasarteko pinturak zaharberritze lanetan ezabatu ziren.
Eliza
Kanpoaldea
Aurreko atalean aipatutako apostolutzaren leihatearen ondoan, beste bao erromaniko interesgarri bat dago hegoaldeko horman. Bere arkibolta bikoitza landare-formekin apaintzen da, eta biribilkiz betetako arkua dauka. Zimazio hostotsuen azpian, kapitel interesgarri batzuk daude. Haien artean, kanpoko ezkerraldean dagoen kapitela nabarmena da. Kapitelaren erdiko izkinan, pinaburu bat inguratzen duten kardina estilizatuak erabili dira apaingarri gisa.
Elizako gainontzeko zatian, XV. mende amaierako eta XVI. mende hasierako elizen ohiko itxura liraina eta garaia erakusten da.
Portada
Elizaren hegoaldeko arkupe handia zeharkatu ondoren, barrura sartzeko portada soilera iritsiko gara. XII. mendearen amaieran edo XIII.aren hasieran egindako artelan xumea da. Hala ere, burualdeko leihoetako tailerrekin ez du inolako erlaziorik. Baina ez da harritzekoa, Arabar erromanikoan bi garai ezberdinetako lanak izatea oso ohikoa baita. Bere lau arkiboltetatik hiru lauak dira, eskultura-apaindurarik gabe. Azkenak, ordea, bolumen txikiko katea osatzen du. Arkugaina zati batean hondatuta dago, eta bola erdien lerro batek zeharkatzen du. Portadaren alboetako zutabeak sinpletasun handiko kapitelez errematatuta daude, baina buruko eta orrazkera desberdinak dituzten aurpegiak agertzen dira.
Barrualdea
Ezaugarri gotikoko ganga bikainak nagusiak dira. Absideko inskripzio gotiko batek adierazten digun arabera, eraikina 1511. urtean amaitu zen, “Martiniz Abad”-ek bultzatuta. Areto zabaleko oinplanoko eliza da, tradizio gotikoko leihate eta okuluekin argituta. XVI. mendearen hasierako giltzarrien kalitatea aipatzekoa da, eta haien artean, Ama Birjinaren Jasokundearen irudia eta Hirutasunaren eszena bat bereizten dira.
Gangak
Andre Mariaren Jasokundearen eliza estaltzen duten ganga ikusgarrien nerbioek, lehenengo atalean karratu bat osatzen dute. Presbiterioko gangak, ordea, izar erdi baten forma daukate. XIX. mendearen hasieran, maestreo handia aurrera eraman zen, tenplua itxura klasizistan bateratuz.
Burualdea
Presbiterioaren atzealdean, originali kanpoaldean egondako bi zutabe-estatuak ikus ditzakegu. Aditu batzuen ustez, Deikundearen eszena izan liteke, baina beste askorentzat Moisesen eta bere anaia Aaroneren irudiak dira.
Lasarteko elizan metatzen den aberastasun artistikoa beste piezetan ikus daiteke, adibidez Erdi Aroko bataiarrian edota Nestor Basterretxeak egindako Aro Garaikideko liturgia altzarian.
Argazkien kredituak:
Gaur egungo argazkiak: © Ondare Irekia | Patrimonio Abierto
Argazki zaharrak: Archivo del Territorio Histórico de Álava / Colección Fotográfica de Federico Baraibar y Lorenzo Elorza, Real Academia de Bellas Artes de San Fernando.