Garbitokiak
Ibaitik garbitokirako bidaia
Arropa garbitzeko prozesu tradizionalak, egun batzuk iraun zezakeenak, hainbat fase zituen. Errauts-lixiba eta lehen xaboitzea etxean eman zitezkeen, baina jantziak urberritzeko eta errepasatzeko ur-lasterra behar zen, xaboi-hondarrak kentzeko. Horregatik, garbitzaileak beren herrietatik gertu zeuden ibai edo errekastoetara joaten ziren lan eskerga hori egin ahal izateko. Ibaiak bere eragozpenak zituen, hala nola garbitzeko jarrera txarra, arropa astunak garbiketa-guneraino eramateko beharra eta, kasu askotan, oinak ibaian sartu beharra, neguan tenperatura baxuak eta horri lotutako gaixotasunak pairatuz. Baina urak herrien erdigunera pixkanaka ekartzeak eta lehen iturriak sortzeak ohitura hori aldatu zuen.
Iturri modernoak ur-lasterra eskaintzen zuen etxeetatik gertu, ibaira ez eramateko. Baina arropa garbitzeko ez ezik, ura edateko ere balio zuen, giza eta animalien kontsumorako, baratzeetako ureztaketarako eta etxeko beste erabilera batzuetarako. Berehala sortu ziren uraren sarbidearen inguruko gatazkak, eta emakumeei leporatzen zitzaien iturriak arropa garbitzearekin kutsatzea. Hala ere, auzokoen eta agintarien aldetik kexatzeko arrazoi gehiago zeuden. XIX. mendeko sexu-moral zorrotzak eta emakumeak lizunkeriaren sustatzaiel gisa erruduntzat jotzeak iturrietan zenbait debeku ezartzera eraman zituen, emakumeek gonazpikoak urez bete eta beren gorputzaren zati bat jendaurrean erakuts ez zezaten, nahiz eta nahi gabe eta beren lana gauzatzean izan.
Larreako garbitokia, Gerardo López de Guereñuren argazkia, ES.01059.ATHA.IHO.DI.05026.
XIX. mendean hain ohikoak ziren arrazoi higienisten eta barneratutako misoginiaren arteko konbinazio horren ondorioz, garbitegiak espazio bereizi gisa sortu ziren, normalean estalita edo leku diskreturen batean kokatuta. Helburua emakumeek inork ikusi gabe garbitu ahal izatea zen, beren gorputzak espazio publikotik kanpo gera zitezen. Hala eta guztiz ere, garbitokiek hobetu egin zituzten emakume horien lan-baldintzak; izan ere, eguratsetik salbu geratu ziren, garbiketa-jarrera hobetu zuten, eta, ordutik aurrera, espazio esklusibo bat izan zuten emakumeen soziabilitatea garatzeko, gizonen kontroletik salbu samar.
