Proiektuari buruz

Ondarea guztion kultura-ondasuna da, zaindu eta kontserbatu behar dugun herentzia bakarra. Baina ondarea, batez ere erlijiosoa, ez da beti irisgarria. Eliza batzuek ez dute gurtzarik; bisita-programak, oro har, ez dira nahikoak, eta, askotan, ikusteko eta ikasteko dugun gogoak erabat itxitako ate batekin topo egiten du.

XXI. mendean, zorionez, tresna boteretsu eta oparoak ditugu eta tenpluen ateak “analogikoki” ireki ezin ditugun arren, irekiera “digitala” eskaini ahal dezakegu. Beharbada, kapitel baten magia edo erretaula baten edertasuna gure zentzumenez hautemateko esperientzia galtzen dugu, baina bestetik asko irabazten dugu. Teknologia berriak aplikatuz, galera hori informazioarekin eta baliabide didaktikoekin konpentsatzea lortzen dugu, ondarea modu berritzailean ikasi eta ezagutzeko.

Ondare Irekia/Patrimonio Abierto Álava Medieval/ Erdi Aroko Arabaren proiektua 2017an sortu zen Vital Fundazioaren bultzada gogotsu eta erabakigarriari esker. Gure helburua ondarea ikertzea eta zabaltzea izan da beti, eta proiektu hau gure erronka handienetako bat da. Gaur egun, hasierako fasean gaude, baina, etorkizunean, hazten eta baliabide eta aukera berriak gehitzen joango da.

Mekanismoa erraza da. Eraikinaren kanpoaldean, fitxa oso batera bidaltzen duen QR kodea duen plaka txiki bat jarriko dugu. Bertan, argazki zaharrak, bideoak, gaur egungo argazkiak eta publiko guztiarentzat pentsatutako azalpen bat aurkituko ditugu.

Ekimenaren arrakastari esker, lankidetzak gehitu zaizkigu, eta, 2020. urtean, web-orri hau abiarazteko eta proiektuari bultzada berria emateko UDAPA kooperatibak behar ziren baliabideak jarri zituen. Gainera, aurten bertan, Buenos Airesko Unibertsitateko Antropologia Bisualaren Arloaren esperientzia eta ezagutza sartu ditugu, kultur ondareari lotutako murgiltze-esperientziak garatzen laguntzeko.

Ondare Irekia /Patrimonio Abierto Álava Medieval / Erdi Aroko Araba-ren proiektua da, Vital Fundazioaren lankidetzarekin. Ekimen honen bidez, Arabako ondareari irekiera digitala eskaini nahi diogu eta ondare horren zabalkundea eta ezagutza erraztu.

Laguntzaile:

Share This